2023ko urriaren 9an, Bilboko Hezkuntza Fakultatean “EDUCARSU” ikerketa-proiektua ixteko ekitaldia burutu zen. Proiektuaren izena “COMPROMISOS Y RESPONSABILIDADES QUE LOS PROFESORES Y FUTUROS PROFESORES DE SECUNDARIA MANIFIESTAN ANTE LA PROBLEMÁTICA DE LOS RESIDUOS Y SU IMPLEMENTACIÓN EN EL AULA” da. Ikerketa hau Bigarren Hezkuntzako irakasle eta etorkizuneko irakasleek hondakinen problematikaren aurrean adierazten dituzten konpromisoak eta erantzukizunak aztertzera bideratuta egon da, bai eta gai hau ikasgelan nola landu beharko litzatekeen aztertzera.
Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak 2019ko deialdian finantzatutako proiektua (PID2019-105705RA-I00)” izan da eta Murtziako Unibertsitateko eta UPV/EHUko kideek osatutako taldeak garatu du hiru urtetan zehar.
Hezkuntza-komunitate osoari irekitako jardunaldian, ikerketa-taldeak proiektuaren emaitza nagusien berri eman zuen, eta ponentzia ezberdinen bitartez egungo kontsumo-ereduaren analisia ere egin zen, bai eta ikasleengan konpromisoak eta erantzukizunak sortzera bideratutako hezkuntza-estrategiak eztabaidatu, eta hondakinen egungo ekoizpena eta kudeaketa eta horri lotutako gizarte- eta ingurumen-arazoak ere jorratu ziren.
Jardunaldietan Eija Yli-Panula irakasle finlandiar ospetsuak hartu zuen parte. Turkuko Unibertsitatetik etorritako irakasleak Jasangarritasunerako konpetentziei buruz hitz egin zuen. Arratsaldean, bertaratutakoekin tailer parte-hartzaile bat burutu zen, eta kontsumo arduratsuari eta hondakinen murrizketari buruzko hainbat jarduera aztertu ziren bertan.