Arantza Ricok zuzendutako Master Amaierako Lan batek Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako material didaktikoa argitaratzen lagundu du Euskal Kostaldeko Geoparkearen Geoeskolak programaren barruan.
Leire Coronado Hidalgo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko Irakasleen Prestakuntza Unibertsitate Masterreko ikasleak Ikastorratza aldizkarian argitaratu berri ditu bere Master Amaierako Lanaren emaitzak. Arantza Ricoren zuzendaritzapean eta Geoparkeko ingurumen-hezkuntzako arduraduna den Gonzalo Torre Oleagarekin lankidetzan, Leire Coronadok 4. DBHko ikasleei zuzendutako Euskal Kostaldeko flyscharen inguruko material didaktikoak berrikusi zituen. Diseinuan oinarritutako ikerketaren printzipioak erabiliz, materialak berrikusi eta LOMLOE testuingurura egokitu ditu, eta programa didaktiko honek Garapen Iraunkorreko Helburuei egiten dien ekarpena zehaztu du. Lan honen beste emaitza aipagarri bat Irakaskuntza-Koadernoaren sorrera izan da. Bertan, diseinu horretatik atera ziren helburu didaktikoak zehazten dira, bai eta jarduerak nola gauzatu behar diren eta ikaskuntza ebaluatzeko hainbat tresna ere. Irakaskuntza-koaderno hori maketatu egin da gida-liburu forman eta Geoeskolen biltegian dago eskuragarri programan parte hartu nahi duten ikastetxeentzat.