Berriak

Idoia Fernandez, REDU Unibertsitate Irakaskuntzako Sareko lehendakari berria

Idoia Fernandez Hezkuntza Zientziak Saileko irakaslea REDU Unibertsitate Irakaskuntzako Sareko (https://red-u.org) presidente aukeratu dute joan den ekainean Valentziako Unibertsitate Politeknikoan egindako batzarrean.

Idoia Fernandezek esperientzia luzea du goi-mailako hezkuntzako aldaketa- eta hobekuntza-prozesuen ikerketan eta kudeaketan. 2013tik REDUko kidea izan da, eta izen bera daraman aldizkari zientifikoaren argitalpen-taldeko kidea. Javier Paricio eta Amparo Fernández-Marchekin batera, Irakaskuntzaren Garapen Akademikorako Markoaren (gaztelaniaz MDAD) egilea eta MDAD Campusa: hezkuntza-aldaketarako lidergoa unibertsitateetan izeneko jarduneko zuzendaria izan da, zeinean hamaika unibertsitatek eta erantzukizun instituzionalak dituzten  akademiko eta hezkuntza-garatzailek parte hartu baitute.

REDU irabazi-asmorik gabeko elkartea da. 80ko hamarkadaren amaieran lantalde gisa sortu zen, bere interes nagusiak unibertsitateko irakaskuntzaren kalitatea hobetzea eta goi-mailako hezkuntzaren garapen akademikoa bultzatzea izanik. UPV/EHU bazkide instituzional aktiboa da duela bi hamarkadatik, eta sare honen hainbat kongresuren egoitza izan da.

REDU-k 45 unibertsitate bazkide ditu gaur egun, bai eta hainbat ikerketa-talde eta, indibidualki aritzen diren irakasle eta ikertzaile ugari ere, goi-mailako hezkuntzan eta unibertsitateko irakasleen irakaskuntzaren garapen akademikoan berrikuntza- eta ikerketa-ekimenak lantzen eta garatzen dituztenak.

Ideia bat du abiapuntu: unibertsitateko irakaskuntza ona zeregin konplexua dela, eta erakundeen, irakasleen eta ikasleen ahalegin koordinatua behar duela. Horretarako, politika akademikoak sustatu behar dira, irakasleen prestakuntza eta garapen akademikoa, hezkuntza-berrikuntza eta irakaskuntzari buruzko ikerketa bultzatzeko.

REDU 27 herrialde biltzen dituen International Consortium for Educational Developement ICED (https://icedonline.net /) erakundearen parte da. 2026an ICEDek bere hurrengo kongresua egingo du REDUrekin eta Salamancako Unibertsitatearekin lankidetzan.

 

Lehendakaritza: Idoia Fernandez Fernandez (Euskal Herriko Unibertsitatea). Idazkaritza: Max Turull Rubinat (Bartzelonako Unibertsitatea). Diruzaintza: Manel Fandós Garrido (Universitat Rovira i Virgili). Batzordekideak: Francisco Javier Hoyuelos (Burgosko Unibertsitatea); María Ripollés (Jaume I Unibertsitatea); Mònica Feixas (Zurich University of Teacher Education); Macarena Trujillo (Valentziako Unibertsitate Politeknikoa); José Luis Padilla García (Granadako Unibertsitatea); Noelia Ibarra (Valentziako Unibertsitatea).