Donostiako EHU-ko Campuseko Joxe Mari Korta eraikinean IRAKASKIDE proiektuko talde motorra lanean hasi da. Ikuskaritza Zentraletik, HeziLab-etik eta ISEI-IVEItik etorritako hamar aditu, EHUko IkasGaraia taldeko zenbait ikerlarekin bildu dira mentoretza kolaboratiboan oinarritutako indukzioaren zutabeak eztabaidatzen eta funtsatzen.
Izan ere, EAE-ko 17/2023 Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren Legeak euskal hezkuntza sistemaren printzipio gidariak ezartzen ditu eta irakasleen prestakuntzaren, ebaluazioaren eta profesionaltasunaren balioa azpimarratzen du. Oro har, irakaslearen rola ikastetxean berrikuntzaren eragile izatea da, eta horrek irakas eginkizuna beste era batez tratatzea eskatzen du. Marko horretan Irakaskide proiektuan EAEko irakasleen garapen profesionalerako agertoki berriak enpirikoki garatu nahi dira, gai honetan ebidentzian oinarritutako markoak eta estrategiak zehazteko eta etorkizunean sisteman orokortu ahal izateko. Zehazki DBHko Praktiketako funtzionarioen garapen profesionala sustatzeko eta ebaluatzeko mentoria programa esperimentala jartzen ari da martxan.
Lana bi fasetan zehaztu da. Lehenengoan HeziLab-eko, Ikuskaritzako, ISEI-IVEIko eta eta EHUko ikertzaileak, talde motor gisa eratu eta programaren diseinuan arituko dira (oinarri teorikoak, estrategiak, euskarri teknologikoak, neurri administratiboak, nazioarteko kontratea…) baita mentoreen taldearen osaketa eta lehen formazioa burutuko ere. Bigarren urtean ikerketa/ekintza prozesu iteratiboa gauzatuko da, zeinean talde motorrra mentoreekin batera praktiketako funtzionarioen indukzioa burutu bitartean aztertzen eta ebidentziez hornitzen joango den.
IRAKASKIDE-n Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako hamar bat ikastetxek parte hartuko dute, hogei mentorerekin batera eta berrogei irakasle berrirekin estuki lanean. Asmoen artean irakasle berriak ikastetxeetako kulturarekin eta proiektuarekin atxikimendua sustatzeaz gain, irakaskuntzarekiko pasio partekatua estimulatuko da alde instrumentaletik harago.
Talde motorreko kideen artean proiektuak interes handia piztu du, batez ere prozesu irekia eta sortzailea izatea espero baita. Mentore eta irakasle berriekiko lan zuzena 2026-27 ikasturtean zehar burutuko da.
Ikerteta proiektu hau (HEZKUNTZA25/08) 2025-2026 Unibertsitate + Hezkuntza Proiektuen Deialdian diruz lagundua da.


