Berriak

Irakasle lanbidea: erreformatu ala eraldatu?

XXI. mendearen hasieratik, irakasleen profesionalizazioak arreta berezia piztu du ikerketa zientifikoan eta hezkuntza-politika globalean. Gurean Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Lege Proiektuaren onarpenak abagune berria ireki du premiazkoa den irakasle lanbidearen erreformari buruz eztabaidatzeko.

IkasGaraiak, Bilboko Hezkuntza Fakultatearekin elkarlanean, UPV/EHUko Uda Ikastaroa burutu du, derrigorrezko euskal hezkuntzako irakasle lanbidea eraldatzeko erronkei buruzko gogoeta egiteko, ezagutza eguneratua eta nazioarteko ikuspegia oinarritzat hartuta. Hasierako eta etengabeko prestakuntza, irakaskuntzarako sarbidea eta hastapena, eta irakasleen ebaluazioa izango dira kalitatezko hezkuntza lortzeko jorratuko ditugun gaiak.

Ikastaroaren zuzendariak Alba Madinabeitia eta Maialen Oiartzun izan dira. Ikastaroan arreta berezia jarri da bi kasuen analisian. Batetik, Melissa Tuytens Ganteko Unibertsitateko Hezkuntza Saileko doktorearekin Flandriako eredu deszentrealizatua ezagutu dugu, eta, bestetik Maria Assunçao Flores Fernandes-ekin Minhoko Unibertsitateko irakaslearekin nazioarteko egoera zein Portugaleko eredua aztertu dira. Flores irakaslea gai honetan mundo mailako aditua da: Teachers and Teaching Theory and Practice aldizkariko editore exekutiboa da, eta European Journal of Teacher Education aldizkariko eta Revista Portuguesa de Pedagogía aldizkariko kontseilu editorialeko kidea da. Halaber, ICET (Irakaskuntzarako Hezkuntzaren Nazioarteko Kontseilua) batzordeko kidea da, egoitza AEBetan duena.

Ikastaroan 30 pertsonek parte hartu dute, Hezkuntza saileko teknikariek, HEIZE-k eta Sare Publikoko zein Ikastoletako irakasleek.

Argazkiak: Hik Hasi