Berriak

koEHSioa proiektuaren ondorioak Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuan

2024ko urriaren 2tik 4ra Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresua ospatu da Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. #Elkartzengaituena lelopean “Jendartea” ardatzaren baitan koEHSioa ikerketa-proiektua plazaratu berri da.

300 pertsonatik gora elkartu dituen ekitaldi honek, Euskal Herriko jendartearen eta lurraldearen kohesioa hobetzeko Herri Itun baterako egingarriak izan daitezkeen proposamenak jaso ditu. Horien artean, Hezkuntzari zuzendutakoa. Kongresuaren jomuga nagusiena martxan jarri behar diren politiken edo/eta hartu behar diren erabakien inguruko adostasun zabalak bilatzea izan da, guztion ongizatea hobetzeko, desberdintasunak murrizteko eta gizarte-kohesioa handitzeko.

Jardunaldiak balio handiko gunea eskaini du Euskal Hezkuntza Sistemaren etorkizuna elkarrekin pentsatzeko, eta hezkuntza etapaz etapa proposamen kohesionatzaile anbiziotsuak partekatzeko. Emaitza horiek Alba Madinabeitia eta Idoia Fernandez IkasGaraiako taldekideek aurkeztu dituzte, Eusko Ikaskuntzako Hezkuntza Batzordeko gainerako kideez lagunduta.

Urte bete iraun duen prozesu honek aurkikuntzak zabaldu ditu bi norabide nagusietan: kohesioa hezkuntzatik interpretatu ahal izateko analisian, eta baita prozesu parte-hartzaileak eta deliberaziozkoak eraginkortasunez bideratzeko beharrezkoak diren euskarri metodologikoetan.

Kongresuak Euskal Herri osoko hezkuntza arloko aditu, profesional eta arduradun politikoen ordezkaritza nabarmena bildu du, eta herri honek dituen hezkuntza erronkak eztabaidatzeko erreferentziazko foro gisa finkatu da.