Irailaren 30ean Iruneko Fikoban hasiera eman zaio Eusko Ikaskuntzak bultzatutako koEHSioa proiektuari, Euskal hezkuntzaren liburu zuriaren eraikuntzan urrats berria. Proiektu honetako Zuzendaria IkasGaraia taldeko Alba Madinabeitia da eta harekin batera Idoia Fernandez, Kristina Zuza, Karmele Artetxe, Ana Eizagirre, Maialen Oihartzun, Aitor Mendia, Olatz Zinkunegi eta Nerea Muguruza arituko dira.
Proiektuaren ideia nagusia, Eusko Ikaskuntzak 2024ko udazkenean egingo duen Kongresua bezalaxe, kohesioa da. Kasu honetan Euskara eta euskal kultura ardatz izan nahi dituen sistema baten ikuspegitik eta lurraldetasunaren zatiketa gaindituz, berariazko etapen eztabaida ardaztuak burutuko ditugu (Haur hezkuntza eta Lehen Hezkuntza; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa; Lanbide Heziketa; Unibertsitatea eta Goi Mailako hezkuntza). Bilatzen den emaitza: hezkuntza etapa bakoitzaren diagnostiko bateratua osatzea, non arazo nagusienak, ildo estrategikoak eta aurrera begirako urratsak markatzeko proposamen egingarriak edo egingarriak bihurtzeko baldintzak erdietsi nahi diren.
Proiektu honetan 60 bat adituk parte hartuko dugu iraunkorki 2024.eko ekaina bitartean. Horrez gain kontraste taldeak ere antolatuko dira egiten diren analisi zein proposamenak balidatzeko.
Azken ekarpenak Eusko Ikaskuntzaren Kongresuan aurkeztuko dira.