Berriak

Mariela Casas Uribe irakasle txiletarrak bere doktore tesia defendatu du UPV/EHUn

Mariela Casas Uribe Los Lagos Unibertsitateko irakasleak “Aprendizaje profesional de personas desarrolladoras educativas: análisis del cambio de concepciones sobre el desarrollo académico de la docencia a través de un proceso de indagación-formación” izenburua duen tesi doktorala defendatu berri du. Zuzendaria IkasGaraiko kidea den Idoia Fernandez izan da.

Mariela Casasek UPV/EHUko Gizarte eta Hezkuntza arloko Ikerketa Masterra egin zuen eta, ondoren, Eskola, Hizkuntza eta Gizartea Programan parte hartu du. Bere espezialitatea haur hezkuntza eta kulturartekotasuna da, baina Euskal Herrian egin zuen egonaldian Goi-mailako Hezkuntza Aldaketa ikerketa-lerroekiko interesa piztu zitzaion, eta bereziki irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren profesionaltasun akademikoarekiko arloan (Scholarship of Teaching and Learning).

Bere ikerketaren helburua Txileko Los Lagos Unibertsitateko Unidad de Desarrollo Docente y Curricular, Udedoc-eko hamaika profesionalek parte hartu zuten partaidetzazko ikerketa-prozesu batean izandako kontzeptu-aldaketen ibilbidea aztertzea izan da. Bere ondorioek ekarpen berritzailea egiten diote gai honen ezagutzari. Izan ere, orain arte argitaratu diren Suedia, Hegoafrika eta Singaporreko kasuetan hainbat unibertsitatetako parte-hartzaileekin burututako prozesuak aztertu dira; Txileko kasuan, berriz, prozesua talde natural eta organiko batean garatu da.

Epaimahaian Clemente Lobato (UPV/EHU), Amparo Fernández March (Valentziako Unibertsitate Politeknikoa) eta Ana García Olalla (Deustuko Unibertsitatea) adituek parte hartu dute, eta doktore berriarekin beren lanaren alderdi garrantzitsuenak eztabaidatu zituzten. Tesiak Bikain kalifikazioa jaso zuen, Cum Laude aipamenarekin.