Berriak

Oier Pedrerak bere doktore tesia defendatu du EHUn

Oier Pedrerak doktore titulua lortu berri du “Landareen nutrizioaren ikaskuntza-irakaskuntza Bigarren Hezkuntzan: Diseinuan Oinarritutako Ikerketaren Azterketa” izenburua duen lana aurkeztuz. Tesiaren zuzendariak Jose Ramón Diez eta Oihana Barrutia izan dira.

Landareen Nutrizioaren Modelo Zientifikoaren (LNMZ) ikaskuntza-irakaskuntzak urte luzez ikertzaile zein irakasleen arreta bereganatu du, bai duen garrantziagatik, bai eragiten dituen zailtasunengatik. Hala ere, ikerketa ugari saiatu badira ere Ikaskuntza-Irakaskuntza Sekuentzien (IIS) bidez oztopo horiek gainditzen, oraindik ez da behin betiko konponbide edo irakaskuntza hurbilketarik aurkitu.

Tesi honek, LNMZaren ikaskuntza hobetzeko eta arloko literatura aberasteko helburuarekin, ebidentziek informatutako IIS baten diseinu, inplementazio, ebaluazio eta berdiseinu prozesu iteratiboa aztertu du, Diseinuan Oinarritutako Ikerketaren paradigma metodologikoa erabiliz. IISa hainbat aldiz inplementatu eta hobetu da, Batxilergoko 200 ikasletik gora parte hartuta. Azken emaitzek LNMZaren irakaskuntzarako eta hezkuntza-teoria zabalagoetarako ondorio baliotsuak eskaini dituzte.

Zorionak Oier Pedrerari egindako lan bikainagatik eta doktore titulua lortzeagatik!