Leioako Hezkuntza Fakultateak harrera egin dio Iruñeko San Jorge auzotik etorritako 10 gazteko talde bati. Bisita hau UdalHez ikerketa- eta transferentzia-proiektuaren baitan kokatu da, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak hezkuntza komunitarioaren esparruan duten lankidetza sendotuz. Saiora, EHUn Gizarte Hezkuntza ikasten ari diren ikasleak hurbildu dira, esperientzia eta testigantzak lehen eskutik ezagutzera.
UdalHez EHUren ikerketa-proiektua da, eta udalerrien eta hezkuntza-sistemaren arteko elkarlana sendotu nahi du, haurren eta nerabeen ongizatea, parte-hartzea eta eskubideak erdigunean jarriz. Proiektuak 17/2023 Hezkuntza Legeak aurreikusten dituen Udal Hezkuntza Kontseiluak eta 2/2024 Haur eta Nerabeen Legeak sustatzen dituen eskubide-bermeak aztertzen eta praktikara eramaten ditu.
Momentu honetan sei udalerri ari dira esperimentalki lanean (Galdakao, Lekeitio, Durango, Laudio, Leioa eta Sopela) hezkuntza proiektu komunitarioak diseinatzen, udal ordezkarien, ikastetxeen, familien eta herriko eragileen arteko lankidetza sareak indartuz.
Gaurko bisitan parte hartu duten hamar gazteak UMETXEA San Jorgeko gune sozio komunitarioko kide dira, langile zein boluntario, eta auzoko hezkuntza komunitarioaren indar eraldatzailea ekarri dute fakultatera. San Jorge auzoaren populazioaren, %17a jatorri atzerritarrekoa da eta biztanleen %20 adin txikikoak dira, beraz, erronka eta aberastasun sozial handiko testuinguru bat da. Umetxea es un sitio en el que te sientes bien y seguro; transmiten valores acordes a los de los centros escolares, para los txikis es vital.” adierazten zuen kide batek. “En el barrio conviven culturas diversas y diferentes realidades, y eso es lo que enriquece a la comunidad.”
Saioaren lehen zatian, Alberto Jaureguik, NUPeko irakasleak, hezkuntza komunitarioaren marko teorikoa eta Umetxea proiektuaren ibilbidea azaldu ditu. Ondoren, gazteek dinamika txikietan parte hartu dute ikasleekin eta irakasleekin, Umetxean egunero egiten duten lana lehen eskutik azalduz: txikitatik jolasteko, sortzeko, tailerretan parte hartzeko eta udalekuetara joateko gune batetik hasten den prozesua; eta urteek aurrera egin ahala, gazteen formazio, ardura eta monitore gisa hazteko aukerara igarotzen den esperientzia: “Desde pequeña veía la figura de monitor, y tú deseas ser eso de mayor.” Beste kide batek baieztatzen du “A veces nos encontramos con situaciones complejas con los txikis; por eso mantenemos una coordinación con los distintos agentes del barrio, los centros escolares, los servicios sociales, el centro de salud…. Esa red es la que hace posible que nuestro trabajo funcione”
Saioak, oro har, hezkuntza komunitarioaren indarra eta auzoan errotutako proiektu batek gazteen bizitzetan sor dezakeen eraldaketa agerian utzi ditu. “Nuestro modelo funciona porque somos todos del barrio; es imposible el éxito si no conoces a los txikis y sus realidades.”. UdalHez proiektuaren helburuekin guztiz bat datorren esperientzia izan da, haurren eta gazteen ongizatea, partaidetza eta ahalduntzea erdigunean jartzen dituelako.




